XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BERDINIK GABEAK GINENON ARRISKUA

ROBIN Hood pelikulako beltzari entzun diot berriro: Ñabarrak (bariedadeak) zoratzen du Ala

Zineko Morgan Freeman, musulmana izateko ordez, kristaua balitz, ñabarrak zoratzen du Jainkoa entzungo genion.

Izan ere, desberdinak gara denok.

Hemen ez da ezer berdinik, ez belar izpirik, ez orririk, ez hostorik, ez zomorrorik, ez abererik, ez gizon eta ez emakumerik.

Ez ezer eta ez inor.

Badira oso antzeko senideak, oso antzeko bikiak.

Baina berdin-berdinik ez.

Denek dute bereizgarriren bat. Aberastasuna ez ezik, miraria ere bada, noski, berdinik ez errepikatze hori, ñabartasun, aniztasun eta ugaritasun hori.

Baina izadiaren aberastasun eta mirari hori gero eta arrisku haundiagoan dugu.

Musika berdina entzuten dute nonahiko gazteek, zine berdina ikusten, berdin jolasten, berdin jaten eta edaten, berdin jazten, berdin pentsatzen.

Ohitura, kultura eta hizkuntza bakarrera goaz abiada bizian.

Eta hori da askoren ametsa: hizkuntza eta kultura bakarreko mundua.

Denok berdinak.

Orduan bukatuko omen lirateke ulertezinak, bereizkuntzak eta haserreak.

Orduan erraztuko omen lirateke mundutarron arteko harremanak eta elkarbizitza.

Badira, jakina, seme-alabak aitaren edo amaren antz-irudiko bihurtu arteko onik ez duten gurasoak.

Antz-irudiko izan behar horretan erabat hondatu den seme eta alabarik ere izan da, jakina.

Hala ere, gehienok geure bidea hartzen saiatu gara, gurasoen nahigabez izango bazen ere. Eta geu gara, gurasoetatik desberdinak, neurri haundian.

Baina jatorriaren eraginak eta gurasoekiko, maitasunak lortu ez duena zientziak lor dezake, klonazioaren bidez.

Seme-alaba berdin berdinak egin ditzateke. Kopia hutsak.

Baina ez gorpuzkeraz bakarrik, ez aurpegi berdinekoak bakarrik, baita joera eta izaera berdinekoak ere: aitaren edo amaren bizimodu eta gorabehera guztiak errepikatuko dituztenak.

Zahartutakoan askotan sortu ohi da hizpide hau: hogei urte banitu!

Eta berehalaxe izan ohi da erantzuna: Zertarako? Lehengo gauza berberak berriro egiteko? Ez du merezi

Jakina, beste bizi berri bat hasi daiteke, lehengoa ez errepikatzekotan, datorrena nolakoa den ez jakitekotan, aldiero berria izatekotan.

Baina urratsez urrats lehengoa errepikatzekotan eta jakinaren gainean errepikatzekotan, bizitza aspergarria gertatuko litzaiguke.

Eta horixe dagokio gizaki klonikoari.

Eta orixe da okerrena.

Gorputz, aurpegi, joera, izaera eta argitasun berdinekoa izatea gaitzerdi da.

Aitaren edo amaren bizitzaren jarraitzaile eta errepikatzaile itsu izan beharra da okerrena.

Gizabanakotasun hori gabea gertatuko litzateke gizaki klonikoa.

Inolaz ere bere bidea ezin egin duena, erabat aitaren edo amaren mendeko, Semeak nor izateko aitak hil behar badu, aita hiltzeak ez dio ezertarako balio, haren jarraipen eta luzapen hutsa denez.

Lehendik gure bizitza erabakia al dago? izan da galdera kezkagarria.

Gizaki klonikoak, ordea, ezin egingo du galdera hori.

Erabakirik du sorreratik: nolako zelula halako bizitza.

Eta hauxe falta zitzaion gizakiari bere errematerako.

Lehen ere, sobera bihurtu gaituzte, tximinuen eta loritoen antzeko.

Errematerako hauxe falta zaigu: ingelesaren koine totel baldres bat izatea mundutarron hizkuntza bakarra, eta heterosexualitatearen aldeko arrazoi nagusienik gabe geratuko garenez, harridurako bakarrik balio izatea joño eta gainentzekoek.

Klonikoa gizabanakotasunik gabea gertatuko litzateke, aitaren jarraipen hutsa